XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atutxak seinalatu, inkontrolatuek ekin

Barne Sailburua den Juan Maria Atutxak egunkari hau seinalatu eta bost egunera, norbaitek, bere haserrea gure lankide baten kontra zuzentzeko beharrean aurkitu eta, gaua aprobetxatuz, su eman dio honen autoari.

Egunkari honen bidez sistema politiko, polizial, sozial edo kulturala, gertaera jakin baten inguruko zirkunstantziak edo egoera orokorrarenak salatzen direnean, begi-bistakoa da gure arrazoietatik abiatuta egiten dugula, eta hauek, jakina, konpartituak ala ez izan daitezke.

Besterik gabe, inguratzen gaituen errealitatearekin konprometiturik eta hau egunero islatzen tematurik dagoen egunkaria gara, egin zein irakurtzen dutenen gustukoa izan ala ez.

Eta egunkari baten egiaren bitartez errealitatea islatzea eta postu polizial gorenetik, Barne Saileko besaulkitik, egunkari honi irain egitea, salatzea eta denuntziatzea ez dira gauza bera.

Honekin zera esan nahi dugu: inoiz ezein egunkarik ez diola kausa-ondorioaren teoriari, hainbestek erabilten dutenari, horien artean aipatu sailburuak, koberturarik edo legitimitaterik ematen.

Hala ere, sailburu honek, gaur bai eta bihar ere bai, eskaintzen dizkigun basakeriak entzunda, bidezkoa dirudi sakristauren batek Aita Santuaren bideari estu lotu nahi zaiola pentsatzeak.

Egunkari batek iradokitzen duenak iritzi publikoak ematen dion oniritziaren muga zorrotza duela, alegia; Poliziako buruak egindako iradokizunak, aldiz, inkontrolatuentzako aginduak izan daitezkeela.